Pimené mendira igoera (2.801m).
17187
post-template-default,single,single-post,postid-17187,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

Pimené mendira igoera (2.801m).

Pimené mendira igoera (2.801m).

Udako oporren aurreko azken irteera Frantziako Pirinioetara antolatu zuen Arrastaka Mendi Taldeak. Uztaileko lehen asteburua izan zen eta Pirinioetako txokorik ikusgarrienetako batera jo genuen, Gavarnie-ra hain zuzen.

Gavarnie, bere zirkuagatik da batik bat ezaguna eta egia esan ikusgarria da parajea. Larunbatean egun osoan zehar eguraldi ona zetorrela ikusita, lehenbizi mendi buelta egitea erabaki genuen. Pimené gailurra nola egin aukera bat baino gehiago aztertu genituen baina azkenean zirkular bat eginez burutzea erabaki genuen. Guztira ia 30km-ko ibilbidea +1800m-ko desnibel metatuarekin.

Gavarnie herria baino lehentxeago utzi genituen ibilgailuak eta herritik igaroz Espuguettes aterpetxera igo ginen lehenbizi (2.027m). Ikusmira zoragarria duen gain batean dago aterpetxea. Astazou-ko tontorrak eta inguruetako korridoreak batetik eta Gavarnie-ko zirkuaren atzealdean Taillongo iparra eta bere inguruak haratago. Artean neguko elur guztia urtu gabe.

 

Hemendik mendi magalean zig-zag eran igoz Petit Pimenéra iritsi ginen lehenbizi (2.667m). Zoragarria eguna eta zoragarriak bistak. Hemendik Pimenérako bidea arriskurik gabeko ertzean egiten da, bidezidorra nabarmena da elurrik ezean. Gailur honek ere senide txikiak bezalaxe bista zoragarriak eskaintzen ditu 2.801m-ko altueratik.

Puntu honetan desnibelik handiena jada igota izan arren ibilbide luzea geneukan artean egiteko. Mendi magal osoari itzulia ematea falta zitzaigun Gloriettes-eko lakutik igaroz.

Jaitsiera belardi zabalean ongi seinaleztatutako bidezidorrean pixkana egiten da. Ibilian-ibilian aipaturiko lakura eta izen bereko aterpetxera iritsi arte. Hemen atseden pixka bat hartu eta mendiaren beste isurialdera igaroz Plateau de Coumely zeharkatu eta arratsaldean Gèdre herrixka baino aurrerago utzi genituen ibilgailuetan ginen.