Araudia
15999
page-template-default,page,page-id-15999,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

Araudia

 ARRASTAKA MENDI TALDEAREN EKINTZETAN PARTE HARTZEKO ARAUTEGIA 


NOR GARA?

 

Beasaingo Arrastaka Mendi Kirol Taldea” (hemendik aurrera Arrastaka Mendi Taldea) irabazi asmorik gabeko kirol elkarte bat da, Euskadiko Kirol Erakundeen Erregistroan 3875 zenbakia du, eta Federación Española de Deportes de Montaña y Escaladako (FEDME) partaide da. Bere helburua mendiko ekintzak bultzatzea eta aurrera eramatea da: mendi ibilbideak, alpinismoa, eskalada, eskia… etab.

 

Arrastaka Mendi Taldeak ez du ekintza komertzialik egiten, eta antolakuntza guztia bazkide boluntarioen esku egoten da. Antolatzen diren ekintzak ez dira, beraz, bidaia agentziek antolatzen dituztenen modukoak: boluntarioek beren denbora librea erabiltzen dute ekintzak antolatzeko, eta ez dute inolako irabazi asmorik; horrela egitean, ekintzen eta parte hartzaileen kostua txikiagoa izatea lortzen da. Horrez gain, ekintzetan parte hartzen dutenek badakite arriskuak egon daitezkeela, eta bakoitzak bere gain hartzen du horren guztiaren erantzukizuna.

 

Arrastaka Mendi Taldeak ez du gidari profesionalik, eta antolatzaileen erantzukizuna ekintzak antolatzera mugatzen da. Ekintzak garatzen hasten direnean, antolatzaileen izaera eta erantzukizuna ez dira gidari profesionalenak.

 

Ekintzetan parte hartzen duten guztiek elkartasunez jokatzeko konpromisoa hartzen dute, eta norbaitek laguntza behar balu, trukean ezer eskatu gabe lagunduko dute.

 

Arrastaka Mendi Taldeak beren formazioa hobetzera eta formazio ikastaroetan parte hartzera animatzen ditu bere ekintzetan partaide direnak, bereziki Euskal Herriko Mendi Federazioak antolatzen dituenetan. Arrastaka mendi taldeak ez du formazio ikastarorik antolatzen, nahiz eta formazioa ematen duten erakundeekin koordinazioa duen.

 

1.- PARTE HARTZAILEAK

 

1.1.- Arrastaka Mendi Taldeko bazkide guztiek parte hartu ahal izango dute antolatutako ekintzetan, eta baita parte hartu nahi duen beste edonork ere.

 

1.1.1.- Arrastaka Mendi Taldeak antolatzen dituen ekintzetan parte hartu ahal izateko gutxieneko adina 18 urte da.

 

1.2.- Ekintzetan parte hartu ahal izateko Mendi Federazioko txartela izatea eskatuko da.

 

1.3.- Ekintzetan parte hartzen dutenek behar adinako gaitasuna dutela ziurtatzeko Arrastaka Mendi Taldeak ez du egiaztatze-azterketarik egiten. Arrastaka Mendi Taldeak ekintza nolakoa den jakiteko beharrezkoa den informazio guztia eskaintzen du aurreko asteartean egiten den bileran, eta horrela, parte hartu nahi duen pertsonak badaki ekintza nolakoa izango den, eta parte hartzeko adinako gaitasunik baduen edo ez.

 

1.4.- Arrastaka Mendi Taldeak antolatzen dituen ekintzek gutxieneko material pertsonala eskatzen dute: arropa egokiak, berogarriak, euriaren aurkakoak, motxila, botak, etab. Horrez gain, fisikoki ere ekintzari aurre egiteko moduan egon behar da. Arropari dagokionez, nahiz eta eguraldiaren iragarpenak onak izan, ezustekoei aurre egiteko gutxieneko arropa eraman beharko da. Ekintza bakoitzaren aurretik Arrastaka Mendi Taldeak azalduko du nolabaiteko ezagutza bereziagorik behar den: eskalada ezagutzak, neguko materialaren erabilera, orientazio teknikak… Parte hartzaileak edozein eguraldi aldaketatarako prestatuta egon behar dute, egoera horiek ekintzari gehitu diezaioketen zailtasunari edo nekeari aurre egiteko.

 

1.5.- Ekintzaren aurreko astearteetan informazio bilerak egiten dira, eta nahitaezkoa izango da han aipatzen den material teknikoa eramatea.

 

1.6.- Irteeran edo ekintza garatzen den unean gerta daitezkeen egoeren aurrean, ekintzaren koordinatzaile arduradunak egokienak iruditzen zaizkion neurriak hartzeko gaitasuna izango du. Parte hartzaile guztiek onartu eta bete beharko dituzte neurri horiek.

 

1.6.1.- Ekintzaren arduradunak ekintzan parte hartzea eragotzi diezaioke partaideren bati, beharrezko materialik ez duenean, edo material horiek erabiltzen ez dakiela ikusten denean, edo dagokion ibilbidea egiteko beharrezko den prestakuntza fisikorik edo esperientziarik ez duenean.

 

1.6.2.- Ekintza garatzen ari den bitartean, arduradunak eska diezaioke partaideren bati aurrera ez jarraitzeko, eta abiatu diren lekura itzultzeko.

 

1.7.- Parte hartzen duen pertsona bakoitza izango da norbere segurtasunaren arduraduna, eta Arrastaka Mendi Taldeak ez du horretan erantzukizunik izango; Arrastaka Mendi Taldearen ardura bakarra ekintzaren logistika da.

 

1.8.- Arrastaka Mendi Taldeak egiten dituen ekintzak urteko programan daude zehaztuta.

 

2.- INFORMAZIOA

 

2.1.- Arrastaka Mendi Taldeak ekintza nolakoa den jakiteko beharrezkoa den informazio guztia eskainiko die parte hartzaile posible guztiei aurreko asteartean egiten den bileran, bereziki, luzera, desnibela eta ibilbidearen ezaugarri teknikoak. Goi mendietako ekintzetan, komeni da parte hartzaile guztiek behar adina berogarri ematea, baita udaberrian edo udan ere.

 

2.1.1.- Ekintzaren deskribapena eta zailtasuna.

 

2.1.2.- Ekintza garatu behar den ingurunearen deskribapena: helburua eta ibilbidearen ezaugarriak. 2.1.3.- Ekintza aurrera eramateko beharrezko den materiala.

 

2.2.- Arrastaka Mendi Taldeak ekintzaren kostuen berri emango du, eta kostu horren barne zer zerbitzu dauden azalduko du.

 

2.3.- Ekintzatik kanpora dauden jokabide pertsonalen ardurarik ez du izango ekintzaren arduradunak, ezta Arrastaka Mendi Taldeak ere.

 

3.- IZEN EMATEAK

 

3.1.- Arrastaka Mendi Taldea irabazi asmorik gabeko elkartea da, eta ondorioz, ekintza batean parte hartzeagatik ordaindu beharrekoa, ekintza horri dagokion kostua izango da. Irteeretarako ezartzen den diru kopurua aurreikuspena izaten da, baina ezusteko egoerengatik gehiago ordaindu beharrik balego, parte hartzaileek ordaindu beharko lukete.

 

3.2.- Ekintzan izena emateko ohiko bidea, aurreko asteartean egiten den bilera (Ehunmilak-Arrastakaren lokaletan, Beasaingo Iturrioz kalean) izango da, edo Arrastaka Mendi Taldearen web orria, edo besterik ezean, ekintzaren arduradunari egindako telefono deia.

 

4.- IRTEERA MOTAK

 

4.1.- Egun bateko irteerak Irteeran autobusa erabiltzen bada, ordainketa autobusean bertan egingo da. Ekintzan izena eman ondoren, ezezkoa irteera baino 72 ordu baino lehen ematen ez bada, edo besterik gabe, irteera lekura azaltzen ez bada, parte hartzaileak dagokion kopurua ordaindu beharko du, non eta tartean ezintasun oso nabarmenik arrazoitzen ez duen.

 

4.2.- Egun gehiagoko irteerak Horrelakoetan Arrastaka Mendi Taldeak ekintzan parte hartu behar dutenei aurrez ordaintzea eskatuko die. Ordainketa transferentzia bidez egingo da, Arrastaka Mendi Taldearen kontuan, norbere izena eta ekintza zehaztuz. Ekintzan izena eman ondoren, ezezkoa irteera baino aste bat baino lehenago ematen ez bada, edo dagokion lo-lekuak ezartzen duen epearen barnean ematen ez bada, Arrastaka Mendi Taldeak aurretik ordaindutako diru hori erabil dezake dagozkion gastuei aurre egin ahal izateko.

 

5.- OSTATU HARTZEA

 

5.1.- Ekintza batzuk aurrera eraman ahal izateko otorduak eta ostatu hartzea behar izaten dira. Horren berri astearteetako bileretan emango da, eta aukera bakarra eskainiko da, koordinatzaile-arduradunak besterik erabakitzen ez badu behintzat.

 

6.- GARRAIOA

 

6.1.- Arrastaka Mendi Taldeak autobusik edo talde-garraiorik jartzen ez duenean, parte hartzaile bakoitza arduratuko da ekintza garatzen den tokira joateaz, norbere baliabideak erabiliz.

 

6.2.- Ekintzaren antolatzaileak informazioa jaso ahal izango du parte hartzaile bakoitzak norbere ibilgailuan dituen lekuez eta aukerez, eta izena eman dutenei informazioa eman ahal izango die, baina ez da behartuta egongo izena eman dutenen garraioa kudeatzera.

 

6.3.- Ekintza garatzen den tokira joan ahal izateko norbanakoen ibilgailuak erabiltzen direnean, bidaia egiteko beharrezko gertatzen den erregaiaren gastuak joaten direnen artean banatuko dira.

 

7.- ASEGURUA

 

7.1.- Arrastaka Mendi Taldeak antolatutako ekintzetan parte hartu ahal izateko Mendi Federazioko txartela eduki beharko da, egoerari dagokion estaldurarekin.

 

8.- TXAKURRAK

 

8.1.- Arrastaka Mendi Taldeak ez du txakurrik onartzen berak antolatutako irteeretan.

 

GARRANTZITSUA:

Parte hartzeko baldintzak:

 

Ondorengo baldintzak onartzen ditut.

 

– Arrastaka Mendi Taldeak antolatutako ekintzetan parte hartzen duenak adierazten du badakiela mendizaletasun-ekintzak orokorrean arriskutsuak direla, eta edozein unetan egon daitekeela arriskua.

 

– Adierazten da ez dagoela ekintza egitea oztopa dezakeen gaixotasunik.

 

– Federatuek: beren federatu txartelean dagokion estaldura izan beharko dute (Pirinioak, eskia, FEDME, etab.).

 

– Partaideei gerta dakizkiekeen istripuak Federatuen Aseguruak estaltzen ditu, eta Arrastaka Mendi Taldea ez da istripu horien erantzule egiten.

 

– Koordinatzaile arduradunak parte hartzaileren batzuk ekintzatik kanpo utz ditzake, bere esanak betetzen ez badituzte, edo interesik azaltzen ez badute.

 

– Ekintzaren koordinatzaile arduradunak programa alda dezake, eguraldiaren edo inguruaren baldintzak kontuan izanda.

 

– Arrastaka Mendi Taldeak ez du txakurrik onartzen berak antolatutako irteeretan.