Hegoaldeko Besiberrira igoera (3.030m) eta Poi d´Unha ferrata
17151
post-template-default,single,single-post,postid-17151,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

Hegoaldeko Besiberrira igoera (3.030m) eta Poi d´Unha ferrata

Hegoaldeko Besiberrira igoera (3.030m) eta Poi d´Unha ferrata

Aurten “San Joseko zubiak” eskainitako lau egunak aprobetxatuz, Vall d’Aran ingurune zoragarrian izan ginen Arrastaka Mendi Taldekoak. Gure helburuak bi ziren: batetik Hegoaldeko Besiberriren gailurrera (3.030m) igoera eta bestetik Poi d’Unha via ferrata egitea. Besiberriren gailurrak Aigüestortes eta San Maurizioko Parke Nazionalean daude. Kataluniako ipar-mendebaldean kokatuta dago parke hau, Lleidako probintzian. Parke honen barruan Aran bailara zen gure helburua.

Martxoaren 16an abiatu ginen, egun berean, iritsi, materiala prestatu eta gaua igarotzera Estany de Besiberriko aterpe librera igotzeko asmoz. Vielhako tuneletik 1,5km-ra, erreka ertzean dagoen aparkalekuan utzi genituen ibilgailuak (1.570m), Conangles aterpetxetik bertan. Egun eguzkitsua lagun, baina elurrarekin berehala topo egingo genuela jakitun, aterpe librean gaua igarotzeko eta hurrengo egunean gailurrera jotzeko material guztia hartu eta  hasieran pistan abiatu ginen oinez. Luze gabe, maldan gora doan bidezidorrari heldu genion. Noizean behin, artean izoztu samar mantentzen ziren elur guneak gurutzatu behar izan genituen. Urjauzien kantua lagun, Besiberriren haranean gora joan ginen Estany de Besiberri lakura iritsi arte (1.960m). Hemen jada ,paisaia guztia elurtuta zegoen. Lakua bera ere bai una batzuetan. Lakuaren hegoaldetik aurrera egin genuen malda gutxiko eremuan. Laster bistaratu genuen aurrean baina goialdean gure gaueko babesa izango zen aterpe librea (2.200m). Bertara iristeko malda tente samar batean gora egin behar izan genuen. Zorteko ginen, talde osoarentzat adina leku libre topatu genuen. Iluntze zoragarriaz gozatu, bapo afaldu eta hurrengo egunean goiz jeiki behar genuenez garaiz erretiratu ginen lotara.

Martxoaren 17an, eguna argitzerako abiatu ginen gailurreranzko bidean. Zerua garbi zegoen eta beste egun eguzkitsu bat argitzear. Egunsentiaren lehen izpien goxotasunarekin iritsi ginen Estanyet deritzon kanalera. Korridorea oso baldintza honetan topatu genuen eta arazorik gabe iritsi ginen Collada d’Abellers deritzon lepora (2.883m). Lepo honetatik hegoaldeko Besiberriren tontorrera malda harritsu bat dago. Gure kasuan harria eta elurra nahasian. Malda hau gainditzearekin bat tontorrean ginen (3.030m). Ikuspegi zoragarria eskaintzen duen mendia da. Mokadutxo bat egin eta beheranzko bideari ekin genion. Kontu handiz, igotako korridore beretik jaitsi ginen, aterpetxe librean utzitako trasteak jaso eta bezperan ibilgailuak utzi genituen aparkalekuraino jaitsi ginen.

Gaua pasatzera Vielhara gerturatu ginen, hurrengo egunean egitekoak ginen Via Ferrata Vielhatik gertu dagoen Unha herrian baitago.

Martxoaren 18rako eguraldiaren aurreikuspena oso segurua ez zen arren espero baino eguraldi hobeak egin zigun ongietorria. Hori ikusita ez zen zalantzarik izan Via Ferrata egitera animatzeko.

Poi d’Unha ferrata, Iberiar Penintsulako ferratarik luzeenetakoa da. 800 metroko ibilbidea hiru zatitan banatuta dago. Lehena hastapen mailarako oso egokia da. Helduleku ugarirekin eta elkarrengandik gertu ekipatua, beraz, zailtasun nabarmenik gabea. Xarma berezia ematen dioten bi zubi igarotzeko aukera eskaintzen du, bata tibetarra eta nepaldarra bestea. Bigarrena eta hirugarrena ordea zailagoak dira. Bi zati hauetan, batetik, helduleku artifizial gutxiagoko eremuak gainditu behar izan genituen heldulekuak horman bilatuz eta bestetik, pasarte airetikoagoak igarotzeaz gain, besoetako indarra baliatuz zenbait makurgune ere gainditu behar izan genituen.  Horretaz gain, bigarren zatian zerurantz garamatzala dirudien eskailera helikoidal bat igotzeko aukera dago. Ingurunea zoragarria da ibilbide osoan zehar, mendi elurtuak ikusiz igo ginen. Jaitsiera arazorik gabe egin genuen ongi seinaleztatutako bidezidorrean behera.