Estasen korridoretik igoera Anetora (3.404 m).
17137
post-template-default,single,single-post,postid-17137,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

Estasen korridoretik igoera Anetora (3.404 m).

Estasen korridoretik igoera Anetora (3.404 m).

Ekainaren 15 eta 16ko astebururako, irteera gogorra baina erakargarria antolatu zuen Arrastaka Mendi Taldeak. Helburua, Pirinioetako gailur nagusia igotzea zen baina ez  ohiko bidetik, Estasen deritzon korridoretik baizik. Helburua betetzeko, ezinbestekoa zen besteak beste baldintza onak aurkitzea. Horretarako, eguraldiaren laguntzaz gain, elurra baldintza onetan topatzeko garaiz mugitzea komeni izaten da, garrantzitsua da elurra bigunegi ez egotea. Hargatik, nahiko argi geneukan mendian gora gauez hasiko ginela ibilian, eguna argitzerako ahal zela.

Ostiral eguerdian abiatu ginen Benasque aldera. Hasierako asmoa, ostiral gauean bertan gora ekitea bazen ere, eguraldiaren aurreikuspenak ostiral gauean ekaitz arriskua  zegoela zioen eta azkenean, larunbatetik iganderako uztea erabaki genuen. Eskerrak hartutako erabakiari, ostiral gauean zaparrada ederra bota baitzuen (kazkabarra goi mendian).

Larunbata patxadan hartu genuen baina ez ginen geldi egon. Eguerdia aprobetxatze aldera, Benasquen bertan dagoen Sacs Via Ferrata egin genuen. Ez da ferrata gogorra orokorrean. Hasiera oso etzana du eta ez du zailtasun berezirik zati horretan, betiere haitza lehor baldin badago. Bigarren zatian hasten da bertikalagoa den zatia. Uneren batean edo bestean haitzaren makurdurek besoekin indarra egitea eskatzen dute baina ez dauka bestelako zailtasun esanguratsurik. Itzulerako bidea ere ongi seinaleztatuta dago eta bidezidor erosoan behera egiten da.

Arratsaldean, ilundu aurretik, Senartatik gora ibilgailuak utzi behar genituen puntura igo ginen, Coronasko aterpetxera  (1.970m), (Arrantzaleen aterpetxea bezala ere ezaguna) hain zuzen. Uda garaian ez da norbere ibilgailuan igotzeko aukerarik izaten eta autobusak egon ohi dira. Gu joan ginenean artean “uda garaia” deritzona hasteko zegoen beraz, bertaraino igo ginen gure ibilgailuetan. Han motxilak prestatu eta goiz oheratu ginen gauerdian jaiki eta goizeko ordu batean martxan hasteko.

 

Ia ilargi beteko gau izartsua suertatu zitzaigun, batere haizerik gabe eta tenperatura atseginean. Baldintza ezin hobeak gauez ibiltzeko. Frontalak piztu eta gorako bideari ekin genion gauaren isiltasunean. Pixkana alturan gora joan ginen eta Coronasko laku ingurura arte (2.600m inguruan) ez genuen elurrarekin topo egin egin. Puntu honetan kranpoiak jantzi genituen. Hemendik gora eskuinaldera egin genuen Estasen korridorearen oinera iristeko. Oso baldintza honetan aurkitu genuen arren kontuan izan behar da 45 zein 50º raino ere iristen den malda duen korridorea dela. Gora egin ahala, elur eta harrizko eremu mistoa agertuz joan zen eta baita malda tentetuz ere, arretaz egin behar da aurrera.

Korridoretik irtetearekin batera jaso genituen egunsentiaren lehen izpiak eta egunsenti gorri baten ikuspegi zoragarria. Hemendik gailurrera falta zitzaigun bidea arretaz joan beharreko ertz batean egin genuen. Gailurrean denbora gehiegi egin gabe beherako bideari ekin genion. Horretarako lehenbizi Mahomako pasabide ezaguna igaro genuen eta hemendik Coronasko lepora jaitsi jarraian. Rappel bat muntatu genuen hemen segurtasunez jaitsi ahal izateko eta hortik aurrerako bidea galbiderik gabe eta eguzkia lagun egin genuen.