2014 Martxoak 8-9. Etxalar eta Lantzen zeharkaldi zirkularrak
15633
post-template-default,single,single-post,postid-15633,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2014 Martxoak 8-9. Etxalar eta Lantzen zeharkaldi zirkularrak

2014 Martxoak 8-9. Etxalar eta Lantzen zeharkaldi zirkularrak

Etxalar eta Lantzen zeharkaldi zirkularrak.

Larunbat goiza agindutakoa bezala atera zen: eguzkitsua eta tenperatura goxoarekin. Etxalartik abiatu, eta bidexka eta bidezidorretan gora ekin genion, baserriak, belardiak eta baso koxkorrak pasaz

Hasieran guztiok indartsu egoten gara, eta konturatzerako Lizarietako lepoan geunden: handik Ibantelli mendia igo behar genuen, eta berriro Lizarietara itzuli. Eta jarraian, usategien lurraldean sartzen ginen. Bada usategiak ezagutzeko prestatuko ibilbide berezi bat, eta zati horretan gurearekin bat egiten zuen: bertatik bertara ezagutu ahal izan genituen ehiza mota horretarako prestatutako baliabideak. Baina aurrera jarraitu behar, urrutira ikusten baikenuen Atxuria tontor zutia. Ibilbide gorabeheratsuan inguratu, eta aldapa piko baten ondoren, azken zati harritsuagoarekin, iritsi ginen eguneko gailurrik garaienera. Tenperatura ederra zen, eta ikuspegia ere bai: garbi garbi ikusten ziren Mendaur, Aiako Harria, Larrun, Lapurdiko herriak, Auza, Adi, Saioa, eta urrutira, Pirinio elurtuak. Jateko, edateko, eta solasean aritzeko une aproposa zen. Eta indarberritu ondoren, berriro ekin genion bideari: lepo batera jaitsi, Orizkiko harri aroko hilerria ikusi, eta Zentinela gailurrera iritsi ginen. Handik aurrerakoa jaitsiera zen, baina batzuetan deserosoa. Gustura iritsi ginen Etxalarrera, eta are gusturako hartu genuen iturri garbi freskoa, edateko eta garbitzeko, eta ondoren eguzkitan arratsaldeko pixka bat egiteko. 21 kilometroko ibilbidea osatu genuen, eta guztira 1.400 metro igo genituen.

 

Etxalaren zeharkaldi zirkularra. Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu.

 

Lantzen zeharkaldi zirkularra.

Igandea ere eguzkitsua atera zen, baina ohartzen ginen haizea indartsuago zebilela. Lantz herritik irten, eta Belateko monasterio aldera daraman bidea hartu genuen. Lokietara iristean, bidea utzi, eta basoan sartu ginen, pagadian, eta zehar zehar jarraitu genuen, basotik irten arte. Orduan, abereek egindako arrastoei jarraituz, Algorrietako gainera iritsi ginen. Aurrean genuen Okolin, eta mokadutxo bat jateko toki egokia iruditu zitzaigun. Berriro ere abiatuOkolin gainerantz, mugarriei jarraituz, baina igotzen ginen eran, haizea gero eta indartsuagoa zen: maldak berez gogorrak ez badira ere, haizeak asko zaildu zuen igoera. Okolin gainean, babes gehiagoko aldean haizetik atseden hartu, eta aurrez aurre ikusten genuen Saioa, gertu, jaitsi eta igo. Baina iritsi egin behar zen. Eta lepora jaistean, haizea hain zen indartsua, zutik egoteko ere indarra egin behar zen. Guztiok gogoratuko dugu haize hori! Saioara ahal zen moduan iritsi, eta han egoteko girorik ez zegoenez, Sagardegiko lepora jaitsi ginen, eta Zuriain gailurrera igotzen hasi. Zuriain gainean eguraldia goxoagoa zen: jan, edan eta hitz egin ahal izan genuen. Gainera, handik aurrerakoa erosoagoa zen: hasieran, gainik gain, elurrarekin eta zeru urdinarekin. Gero, apur bat jaitsi, eta basoan sartu, pista bat hartu arte. Halako batean pista utzi, eta bidezidor txiki zoragarri batean abiatu ginen arte: bai ibilbide polita! Opari bat bezalakoa izan zen azken zati hori. Antzinako meategi batzuk ere pasa genituen, eta pixkanaka, Lantz herrira itzuli ginen. Eguna polita izan zen, gogoratzeko modukoa, eta guztiok gustura geunden. Berriro ere 22 kilometro egin genituen, eta guztira 1.200 metro igo. Gainera, oraindik eguzkitan egoteko denbora genuen, janez eta kontu kontari.

Lantzen zeharkaldi zirkularra. Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu.