2015 Maiatzak 30-31. Arroila jetsiera Lezen eta Artazulen eta La Lezen
15758
post-template-default,single,single-post,postid-15758,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2015 Maiatzak 30-31. Arroila jetsiera Lezen eta Artazulen eta La Lezen

2015 Maiatzak 30-31. Arroila jetsiera Lezen eta Artazulen eta La Lezen

   Arroila jetsiera Artazulen eta Lezen.

Uretako bi ekintzarekin osatu dugu oraingoan igaro den asteburu hau.

Larunbatean, maiatzaren 30ean, Arteta errekaren iturburuan dagoen Artazul arroila jaitsi genuen. Nafarroako Ollo bailaran kokatzen den arroila hau hasierako eta amaierako bi rapel-ek egiten dute bereziki ikusgarri. 

 

Zorteko izan ginen, eguraldi zoragarriaz gain, ur emari egokiarekin topatu genuen erreka. Diotenez, uda partean idor samar gelditzen den erreka da eta beraz, jaitsiera egiteko garairik egokiena udaberria da. Arroila guztietan bezala, kontuan izan beharreko gauza da ur emariarena, gehiegizkoa arriskutsua den bezala, gutxiegi ere, erakargarritasuna galtzetik aparte, arriskutsua izan daiteke ur-putzu batzuetatik ezin irtena suerta daitekeelako.

7 laguneko taldea ginenez, kotxe bat arroila bukatzen den puntuan utzi eta beste kotxeak abiapuntura gerturatu genituen. Oinez pixka bat ibilita, berehala iristen da arroilari hasiera ematen dion 33m-ko rapel ikusgarrira. Zatirik gehiena airean egiten den rappel bat da. Hau jaitsi eta oinez ibili behar da pixka batean ur gehiago daraman zatian sartu arte. Hemendik aurrerakoa 10m inguruko rapelez eta saltoz osatutako ibilbidea da putzuz putzu, formazio geologiko politak dituzten bi hormaren artean. Ibilbidearen zatirik handiena laiotza da eta taldeko partaide kopuruaren arabera hotza pasa daiteke, beraz, neopreno lodi samarra erabiltzea gomendatzen da. Bukaeran arroilari azken ukitua ematen dion 45 m-ko beste rapel ikusgarri bat dauka. Ur-jauzia albo batera dela, airean jaisten da rapel honen zatirik handiena.

 

 

Igandean berriz, entzunagoa den Leze arroila jaistera joan ginen. 11 laguneko taldea oraingoan. Eginon (Araba) kokatzen den arroila hau, oso osorik  kobazulo baten barnean egiten delako da ezaguna. Hemen gehiago ibili behar da abiapuntura iristeko. Eginoko eskalada eskolatik abiatzen den bidezidor bat hartu eta malda tente bat igo ondoren, baso zoragarri batean kobazuloaren ahora gerturatu arte beherantz egin behar da. Ahora bertaraino jaisteko bidea irristakorra eta kontuz jaitsi beharrekoa da, nahi izanez gero zuhaitz batean jarrita dagoen soka aprobetxatuz rapelatu egin daiteke eta hala egin genuen guk. Hemendik aurrerakoa frontalak piztu eta errekaren bideari jarraituz egiten da. Kobazuloa benetan handia eta ikusgarria da. Ur emari ederra zekarren, neurrikoa. Gehiago ekarri balu jaitsiera konplikatua izango zen. Arroila hau ez da salto eta toboganak izan ohi dituzten horietakoa baina bai rappel ugari egin beharrekoa. Jakin dugunez, duela gutxi berrekipatu dute Inguru Abenturakoek. Kopuru handi samarreko taldea ginenez, 3 soka eramatea erabaki genuen, batzuk jaisten ari ziren bitartean beste batzuk hurrengo rapelak prestatzen joan zitezen, horrela erritmo jarrai batean egin ahal izan genuen. Ipurtargiak bagina bezala gure kaskoetako argiak soilik ikusten ziren ilunpetan eta horrek ematen zion xarma bereziaz gain, ur-jauziekin bat zihoazen rapelek ere puntu tekniko bat ematen zioten jaitsierari. Garrantzitsua da horrelakoetan segurtatzeko erabiltzen diren erremintak azkar eta ongi maneiatzen jakitea behin beheko putzura jaitsitakoan sokatik ahal bezain azkarren askatzeko batetik, eta erremintak eskuetatik ihes egin ez diezagun bestetik.

Bukaerara gerturatzen ari ginela, kanpoko argitasuna ikusten hasten deneko unearekin gozatzeko aukera izan genuen. Lekua ikusgarria da, kanpoko argiak haitza ebaki eta pixkana haitzartea zabaltzen duela dirudi. 

 

                                  Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu.