2015 Maiatzak 1etati 5 ra PEÑA RUEBA – MALLO COLORADO- FERRATA CUVILILLOS
15755
post-template-default,single,single-post,postid-15755,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2015 Maiatzak 1etati 5 ra PEÑA RUEBA – MALLO COLORADO- FERRATA CUVILILLOS

2015 Maiatzak 1etati 5 ra PEÑA RUEBA – MALLO COLORADO- FERRATA CUVILILLOS

   

Peña Rueba – Mallo Colorado- Ferrata Cuvilillos.

Hiru eguneko asteburua aprobetxatuz, Huescaren eta Zaragozaren arteko mugetan ibili gara, maiatzaren 1etik 3ra. Murillo de Gallego eta Riglos herrixkak abiapuntu hartuta, hainbat ekintza burutu ditugu.

 

Maiatzaren 1ean, ostirala, Peña Rueban ibili ginen. Hainbat igoera ezberdin eskaintzen ditu mendi honek. Guk, igoerarako, La Mora mailoko “Los terceros también existen” deritzon bidea eskalatzea erabaki genuen eta jaisteko aldiz, La Mora-ko ferrata. Igotzeko aukeratu genuen eskalada bide hau 9 luzek osatzen dute eta zailtasun handieneko gradua V-ekoa da pausu batean. Hona hemen luze bakoitzaren informazioa: L1 30 m. IV-. L2 25 m. III. L3 30 m. V. L4 25 m. II. L5 25 m. IV. L6 25 m. II. L7, 25 m. IV-. L8 30m. III+. L9 25 m. II

Murillo de Gallegon hartzen den pista batean aurrera jarraitu behar da 10 bat minutuz eta kotxea, mailora gerturatzeko hartu behar dugun bidezidorra hasten den puntuan, pista alboko zabalgune batean utzi daiteke. Hemendik, traste guztiak soinean hartuta oinez egin genuen abiapuntura arteko bidea (15 minutu).3-ko bi kordadatan eta 2-ko batean banatu genuen taldea.

Kareharrian eskalatzen ohituta dagoenarentzat berezia egiten da ingurune honetako harria, hemengo mailoak haitz konglomeratuzkoak baitira, alegia, hareaz elkar itsatsitako harri borobilduez osatutako haitza da eta heltzerakoan ematen duen sentsazioa oso ezberdina da.

Gorantzako bidean, Agueroko mailoak ikusiz igo ginen eta tontorrak, Riglosko mailoen bista zoragarriak eskaintzen ditu. Beherako bidea, aurrez esan bezala, La Morako ferratatik egin genuen. Ez da ohiko grapadun ferrata horietako bat, kablez eta katez ekipatutako bide bat da eta zoru lehorrarekin ez dauka jaisteko zailtasun berezirik.

 

 

Larunbatean, Riglos aldeko mailoetarako hautua egin genuen, Mallo Colorado deritzonean dagoen Anorexia bidearena hain zuzen. Jende asko zebilen eskalatzen baina zorionez libre aurkitu genuen egin nahi genuen bidea. Lau luzetan egiten da eta 150m ditu. Bezperakoak baino ahalegin handiagoa eskatzen duen bidea da, 5-eko graduko luzeak baitira lautik hiru: L1:Vc. L2:Vb. L3:3b. L4:5b. Tontorrean harri solte asko zegoen eta kontu handiz ibili behar izan genuen. Jaisteko, mailoaren eskuinaldean dagoen rappel batetik egin daiteke. Behin rappelatu ondorenean, mailoak inguratzen dituen bidezidorra hartzen da abiapuntura itzultzeko.

Asteburua osatzeko, igandean ferrata bat egitea pentsatu genuen: Cubilillo os Fils. Peña Don Justo deituriko mailoan dagoen ferrata honen berezitasuna, grapen ordez iltzeak dituen ferrata bat dela da. Inguruko mailo guztien ikuspegi zoragarriak eskaintzen ditu, ez dauka zailtasun nabarmenik eta tontorrean begiratoki bat dauka. Hona iristeko, Riglostik bertatik abiatzen den pista bat (GR-1) jarraitu behar da ferrata aiderazten duen seinalera iritsi arte, Hemen bidezidorrean sartu eta galbiderik gabe abiapunturaino iritsiko gara. Atsegina eta erraza da ferrata, aukeran luzexeagoa izatea ere eskertuko genukeen, ohartzerako puntan baikinen. Gain honetara errepidez iristeko aukera ere badago. Jaisteko hainbat aukera daude: aipatutako errepidea batetik, eta rappelak edota bide ekipatu bat ere bai. Guk azken hau aukeratu genuen. Ingurune politean egiten du bide honek jaitsiera. Berriz ere hasierako bidezidorrera iritsita “Fuente de los Clérigos” deituriko txokoa bisitatzeak merezi du. Erreka zoko polita da alboan altxatzen diren kobazulo txikiz eta formazio ikusgarriz jositako horma erraldoien artean.

 

 

 

                                  Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu.