2015 Apirilak 24 eta 25 karria ertzea eta Valderejo
15753
post-template-default,single,single-post,postid-15753,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2015 Apirilak 24 eta 25 karria ertzea eta Valderejo

2015 Apirilak 24 eta 25 karria ertzea eta Valderejo

   

Karria ertzea eta valderejo.

Goizean goizetik giro grisa nagusitu zen larunbatean, baina euritarako itxurarik ez zeukanez Karriako ertzera gerturatu eta saiatzea erabaki genuen. 8 laguneko taldea 3-ko bi kordada eta 2-ko batean banatu ginen. Arroyo de San Zadornil herritik aldapa tentean gora egin eta ertzaren hasierara iritsi ginen arte ez geneukan argi altueran ze girorekin topo egingo genuen.

Haizea zebilen baina hasierako puntua nahiko babesean dagoenez, hasiera batean ez zitzaigun horrenbestekoa zenik iruditu. Lehen kordada lehen luzean aurrera abiatu zen eta babesetik irten bezain laster jabetu ginen haizea bortitzegia zela. Karria haitzaren gailurreria guztia egiteak bere denboratxoa eskatzen du, kordada bat baino gehiago izanez gero are eta gehiago. Ezagutzen genuen aurrez gailurreria, eta bagenekien aurrerago babes gutxiagoko zatiak eta altuera zein alboetako amildegiei dagokienez errespetua ematen duten ertzak genituela zain, zirt edo zart erabaki bat hartu beharrean geunden eta pena handiz, egun hartako baldintzak gailurreria egiteko ez zirela egokiak erabaki genuen.

Horren ordez, Karria gailurrera ohiko bidetik igo gintezkeela pentsatu genuen. Egun haizetsua izan arren, aukera honek ez zuen besteak adinako arriskurik. Horrela bada, gailurreria baino beherago aldenik alde doan bidezidorrari heldu genion. Ohiko bide honetan Euskal Herriko Via Ferrata bakarra aurki dezakegu. Marka urdinek adierazten dute abiapuntua. Kateen eta iltzeen laguntzaz, berehala ginen tontorrean (1130m). Ikuspegi zoragarria eskaintzen du tontor honek 360 gradutara. Tristura puntu batekin begiratu genion aurrean geneukan eta egin ezinean gelditu ginen ertzari. Beste baterako hor izango dugula zain pentsatzearekin kontsolatu ginen.

 

 

Iganderako ere, hasiera batean geneukan asmoa aldatu egin behar izan genuen, baina aldez aurretik informatu ginenez ez gintuen ustekabean harrapatu. Valderejoko parkea ezaguna da besteak beste, daukan fauna eta flora aniztasunagatik. Aniztasun hori zaintzeak ordea, baditu ibiltariok kontuan hartu beharreko ondorio batzuk, hala nola, harkaitzetako hegaztien ugalketa-garaia denean, (urtarrilaren 1etik abuztuaren 15era Valderejoko kasuan) ibilbide batzuk mugatuta edo itxita daude, hala nola, gure helburu zen Vallegrul mendirako igoera. Hori dela eta, parkean bertan, ordezko beste ibilaldi zirkular bat egitea erabaki genuen.

Eguraldiak askorik lagundu ez arren, Lalastran kotxeak utzi eta Puron errekaren haitzartera ginderamatzan bideari heldu genion. Formazio geologiko bitxiak ikusteko aukera eskaintzen du erreka alboko bide honek Ribera herrixkaren hondakinetara iritsi arteko bidea nahiko laua da. Puntu honetan, gure arreta bereganatzen dute oraindik ere tente dirauten herrixka honetako elizaren hormek. Hemen, Santa Ana mendira (1042m) doan bideari heldu genion eta pixkana altuera irabaziz lepora iritsi ginen. Hemendik tontorrerako bidea aldapa tenteagoa den arren berehala egiten da. Tontorretik alde batera Valderejoko parkearen ikuspegi zoragarria dakusagu, beste aldera berriz, jada Burgosko lurretan, Garoñako Zentral Nuklearra bistaratzen da urrunean. Berriz ere lepora itzuli eta igoerako bideari heldu ordez, Santa Ana mendia inguratuz, Puron errekaren haitzartera jaisten den bidetik jarraitu genuen. Puntu honetan, haitzartea are ikusgarriagoa bihurtzen da eta hormetako formazioez gain, ur-jauzi eta putzu gardenak ikus daitezke.

Berriz ere Ribera herrixkara iritsita, hasierako bide beretik  itzuli ginen Lalastrara.

 

 

 

                                  Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu.