16 Oct 2015 Azaroak 9 – 14 VIII. BEASAINGO VIII. MENDI ASTEA
Beasaingo VIII Mendi Astea
Beasaingo VIII Mendi Astea
Arrastaka Mendi Taldeak Beasaingo VIII Mendi Astea antolatzen du, azaroaren 9tik 14ra. Mendizaletasunaren alderdi desberdinen gaineko emanaldiak ikusi ahal izango dira: eskalada, mendiko eskia, goi mendiak.
Programaren barnean lau ikusentzunezko izango dira, azaroaren 9, 10, 11, 12an, arratsaldeko 19:30ean. Aurtengo berrikuntza, emanaldien lekua izango da: aurtengoan Igartza Jauregian izango dira aurkezpenak. Horrez gain, azaroaren 14an, larunbata, Beasaingo rokodromoan eskalada egiteko aukera izango da.
Arrastaka Mendi Taldearekin batera, antolakuntzan gonbidatu modura arituko dira Unai Mendia/David Lopez “Tron”, Iban González eta Josema Casimiro.
EKINTZAZ BETERIKO URTE BAT
ARRASTAKA MENDI TALDEA
Azaroak 9, astelehena
Igartzako jauregian, 19:30ean
Mendi Astearen lehenengo ekitaldia azaroaren 9an izango da, astelehenean, eta Arrastaka Mendi Taldeak ‘Ekintzaz betetako urte bat’ ikusentzunezkoa aurkeztuko du. Mendiko segurtasunaren inguruan egindako ikastaroak eta urtean zehar igotako mendiak, eskaladak edo zeharkaldiak agertuko dira.
ESKALADAZ BETETAKO BIZITZA
UNAI MENDIA ETA DAVID LOPEZ “Tron”
Azaroak 10, asteartea
Igartzako jauregian, 19:30ean
Unai Mendiak eta David Lopezek ez dute aurkezpen handirik behar eskaladaren munduan: izotzetan nahiz harkaitzetan ibilbide luzea egindakoak dira, beti konpromiso handiko bide zail eta gogorrei helduz. Ikusentzunezko honetan beren esperientziak erakusten dituzte, eta eskaladaren munduan egin dituzten ekintza esanguratsu batzuk kontatuko dizkigute.
ESKIA NORBEGIA ETA PIRINIOETAN
IBAN GONZALEZ
Azaroak 11, Asteazkena
19:30 Igartzako jauregian
Iban Gonzalezek mendizaletasuna bete betean bizi du, mendiko eskian ere ibiltzen da, eta gainera, mendiari buruzko liburuak ere baditu argitaratuak.
Emanaldiak bi zati izango ditu: lehenean Norvegiako Artikoan izandako esperientzia kontatuko da, eta bigarrenak Pirinioetako ekintzak izango ditu ardatz. Honela hitz egiten du Iban Gonzalezek Norvegiako Artikoaz: “Hara eskiekin joatea aspaldiko ametsa genuen, eta azkenean iaz lortu genuen. Lyngen-eko alpeetan izan ginen, Norvegiako ipar-iparreko muturrean. Eskualde horretan mendiak fiordoetatik abiatzen dira, eta glaziarrak ia itsas mailaraino iristen. Gailurretik itsas bazterreraino eskiatzeko aukera dago, Artikoko argitasun magikoan bilduta”. Ikusentzunezko ederra izango da.
K2, MENDIRIK MENDIENA
JOSEMA CASIMIRO
Azaroak 12, osteguna
Igartzako jauregian, 19:30ean
K2 mendiaren inguruan historia gogoangarriak badira, eta haietako bat biziberritu nahi dugu, belaunaldi gazteek bidea ireki zutenen erreferentzia izan dezaten. 1986an Nafarroako bi mendizalek K2 mendira egin zuten igoeraz ari gara: urte hartan, ekainaren 23an, Josema Casimiro eta Mari Abrego munduko bigarren mendi garaienera igo ziren, K2ra (8.611 m). Historian gordetzeko moduko igoera izan zen.
Nabarmendu beharreko mendi-denboraldia izan zen urte hartakoa K2 inguruan. Zentzu guztietan gainera: hogei lagun baino gehiagok lortu zuten gailurra; baina hamar baino gehiagok galdu zuten bizia.
Bi mendizale nafarrek beren amets bat bete ahal izan zuten, K2ra igotzea, eta dokumentalean beren esperientzia kontatzen zaigu. “Orduan ez zen esan, baina lehenengo aldia izan zen K2ra oxigenorik gabe eta era alpinoan igotzen zela. Eta gerora ere ez dira horrelako igoera asko izan”. Jaitsiera, berriz, infernu bat izan zen, eguraldi txarraren ondorioz. Gogoan dute nola oinarrizko kanpamendura iristean, medikuek bi egunez jan gabe egoteko agindu zieten, urdailean arazoak izan zitezkeelako; edo Renato Casarottok nolako besarkada eman zien, bizirik itzuli zirela ikustean, eta nola, Iruñera itzultzean, beren lagun italiarraren heriotzaren berri izan zuten, K2tik jaistean arrakala batera erorita… Oroitzapen eta kontu asko azaleratzen dira Casimirok eta Abregok – 80etako hamarkadako Nafarroako mendizale-bikote onenetakoa- hilabete haietako esperientzien irudiak azaltzen dizkigutenean, beren ilusioekin eta beldurrekin, nekearekin eta pozarekin, amets bat lortu nahian.
BEASAINGO ROKODROMOAN ESKALADA
ARRASTAKA MENDI TALDE
Azaroak 14, larunbata
Antzizar kiroldegian
10:etatik 14:etara eta 16:etatik 19:30etara
Azkenik, azaroaren 14an, larunbata, eta Beasaingo Mendi Astea amaitzeko, Antzizar kiroldegiko rokodromoan ate irekien eguna izango da, eta haurrek nahiz helduek eskalada probatzeko aukera izango dute, goizean 10etatik 14etara, eta arratsaldean 16etatik 19:30era; kirol honetara hurbiltzeko eta nolakoa den ezagutzeko aukera paregabea.
Arrastaka Mendi taldekook mendizale eta kirolzale guztiei dei egiten dizuegu, Beasaingo VIII Mendi Asteak eskaintzen dituen ekintza hauetara etor zaitezten eta elkarrekin disfrutatu ahal izan dezagun.