2015 21-22 Otsailak. San Millan (2.131 m) eta San Lorenzo (2.262 m)
15724
post-template-default,single,single-post,postid-15724,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2015 21-22 Otsailak. San Millan (2.131 m) eta San Lorenzo (2.262 m)

2015 21-22 Otsailak. San Millan (2.131 m) eta San Lorenzo (2.262 m)

San Millan (2.131m) eta San Lorenzo (2.262m)

Arrastaka Mendi Taldeak otsailaren 21 eta 22rako Demanda mendizerrara irteera bat egin zuen. Asmoa, San Millan eta San Lorenzo mendiak igotzea. Demanda mendizerrako bi gailur garrantzitsuenak dira, eta era berean, Burgosko eta Errioxako mendirik garaienak.

Ostiralean gauen San Vicente del Valle herrira iritsi ginen, ostatu hartuko genuen tokira. Euria ari zuen, eta hotz zegoen. Eta aste bukaera osorako ere iragarpena erdizkakoa zen: larunbaterako euri eta elur pixka bat agintzen zen; iganderako, zertxobait arinagoa. Baina probatu beharra zegoen.

 

Larunbatean, La Zarcia atsedengunera jo genuen, Santa Cruz del Valle Urbion herrian, eta handik abiatu ginen San Millan mendira (2.131 m). Ibilbidea lehenengo zati guztian Urbion ibaiaren ertzetik doa, hasieran bide zabalagoarekin, eta pixkanaka estutuz, aldapa handirik gabe. Bide estutu ahala, alboetan elurra azaldu zitzaigun, eta erreka bi edo hiru aldiz gurutzatu behar izan genuen, harritik harrira pausoa eginez; errekak ur dezente zeramanez, kontuz ibili behar izan genuen. Baina ez gindoazen gaizki: elurrak ez zigun neke handirik eragiten, nahiko ona zegoen, eta aurretik jendea pasata zegoenez, horrek ere lagundu egiten zuen. Neguko basoaz disfrutatu ahal izan genuen: paisaia elurtuak ematen duen isiltasuna, zuhaitz biluziak, zeru lainotua, eta errekaren hotsa. Pixkanaka basotik atera, eta  Majada de la Fuente gunera iritsi ginen. Elurra hasi zuen, eta lainoak ez zuen paisaia ikusten uzten, baina gora jarraitu genuen. Nolanahi ere, alde batera utzi genuen gure hasierako asmoa, El Portillo ingurutik igotzea; ez zegoen horretarako egoerarik. Une batean, elurra gogortu zenean, kranpoiak jantzi genituen, baina hala ere, ez zegoen arriskutsu. Zati honetan aldapa handia da, eta pixkanaka 2.000 metro ingurura iritsi ginen: lainoa itxiagoa zegoen, baina azken zatiak ez du berez zailtasunik, eta gps-aren laguntzarekin gailurrera jarraitzea erabaki genuen. Eta gailurrera iritsi bezain laster, lainopean geundela, haize oso zakarra hasi zen bat-batean: han ez zegoen egoterik, eta behera jo behar genuen ahal zen azkarrena. Jaitsieraren lehenengo zatia oso gogorra eta neketsua izan zen: haizeak eta elurrak aurpegian jotzen gintuen, zakar, min emanez, eta lainoak ez zigun uzten ezer ikusten; gps-ak lagundu zigun berriro ere. Luzea egin zitzaigun, eta ez ginen berehalakoan iritsi Majada de la Fuente ingurura. Han ia lainoa ireki zen, haizea baretu, eta jaitsierarako igoeran bezalatsuko egoera izan genuen, arazorik gabea. La Zarciara itzulitakoan, aipatzen genuen, gailurraz benetan disfrutatu ahal izateko egun goxoagoren bat aukeratu beharko genuela…

 

Igandean inguruak zurituta esnatu ginen. Lo egin genuen herrian bertan (San Vicente del Vallen) ez zegoen kapa handirik baina bagenekien horrek zer esan nahi zuen altura handiagoko puntuetan. Mendi inguruak lainoz estaliak ageri ziren eta dudan ibili ginen San Lorenzo mendirako asmoarekin zer egin.

Azkenean, guztiok animatu ez ginen arren, taldetxo batek aurrera egiteko erabakia hartu zuen. Valdezcaray-ko eski estazioko aparkalekua izan zen abiapuntua (1.550m). Aparkalekuan bertan giro haizetsua zegoen eta elurra goian-behean ari zuen. Horretaz gain, laino itxia zegoen baina hala ere jende ugari ikusi genuen eskiak hartuta eguna aprobetxatzeko asmoz, beraz, gogotsu zegoenarentzat oinez itzuli bat emateko ere ez zegoen aitzakiarik.

Hasieratik gps-a eskuan hartuta izan zen igoera, lainoak ikuspegia asko mugatzen baitzuen. Gogorra izan zen, bai giroagatik eta baita uneoro gps-ari jarraika joan beharragatik ere. Baina ttipi-ttapa, behin Colocobiako lepora iritsita, tontorreraino azkenean. Hotz handia egin arren, ez zen larunbatean adinako haize bortitzik eta beraz, giroak, mokadutxo bat egiteko aukera eman zuen oraingoan. Jaitsierako asmoa, hasiera batean Artazako lepo aldera joz ibilbide zirkularra osatzekoa zen arren, azkenean, berriz ere Colocobiako lepora jaitsi eta hemendik eski-pistetara zuzenduz, albotik egitea erabaki zen azkarrago egin ahal izateko.

Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu