2014 Irailak 21. Pico Bacías gailurra
15701
post-template-default,single,single-post,postid-15701,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2014 Irailak 21. Pico Bacías gailurra

2014 Irailak 21. Pico Bacías gailurra

Pico Bacías (2.760m) gailurra.

Iganderako helburua Bacias (2.760 m) gailurra zen. Eta gauean, berriro ere, euria egina zegoen. Iragarpenak zioen bazkal ondorena arte eutsiko ziola, eta gerora euria hasiko zuela. Beraz, jantzi beharrekoak jantzi, eta GR-11ri jarraituz igoerari ekin genion.

Bidezidorra ez zen larunbatekoa bezain aldapatsua, eta bezperan igotako gailurren (GarmoNegro, Algas, Argualas) ikuspegi paregabea geneukan; baita Partacua mendizerrarena ere.

Brazato urtegira iristean, GR-11n jarraitu genuen, putzuaren ezkerretik, Cuello Alto de Brazato deitzen denerantz: ezkerretara Brazatoko mendi-aintzirak utzi genituen. Lepora (2.575 m) iristean, GR-11 alde batera utzi, eta eskuinera jo genuen, Bacias aldera, harri tarte bat pasa ondoren, ertzetik bertatik. Une batean eskuak erabili behar dira, tarte laburra da, eta gero zabaldu egiten da; ez dago zailtasunik. 

Gainera iritsitakoan, ikuspegia zoragarria zen. Mendi garaiagoak asko dira, baina duen kokapenagatik, merezi duen gailur horietako bat da. Aurrez aurre Vignemale dotorea geneukan, laino artean ezkutuka. Alderdi guztietara, mendi-ikuspegi dotorea. Gainera, une batez eguzkia izan genuen, eta indarrak berreskuratu eta goxo kontu kontari aritzeko aukera izan genuen. Baina eguraldiaren iragarpena zein zen bagenekien: talde-argazkia atera, eta beherako bideari ekin genion. Bide beretik ez jaisteko, Baciasen Hegoaldeko hegitik abiatu ginen, Brazato urtegira zuzenean jaitsiz. Urtegira iristerako, zerua zeharo lainotua zegoen, eta euria hasten zuen: aitzakia polita, handik beherako bidea ahal zen azkarrena egiteko. Horrela, oraindik elkarrekin bazkari goxo bat egiteko aukera izango genuen. Amaiera ederra aste bukaera eder baterako.                      

Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu