2015 14 Irailak 6-7. Tortiellas tontorra (2.364m) eta kirol eskalada
15697
post-template-default,single,single-post,postid-15697,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2015 14 Irailak 6-7. Tortiellas tontorra (2.364m) eta kirol eskalada

2015 14 Irailak 6-7. Tortiellas tontorra (2.364m) eta kirol eskalada

Tortiellas tontorra (2.364m) eta kirol eskalada. 

Asteburu honetarako antolatutako irteera Europako mendietako Torre del Friero-rakoa zen arren, eguraldiaren aurreikuspen txarraren ondorioz plana aldatu behar izan genuen. Haren ordez, Aragoiko Pirineotan ibilaldi zirkular batekin eta kirol eskaladarekin osatu dugu asteburua.

 

Larunbaterako pentsatutakoa, Canfranc abiapuntu hartuta Pico Tortiellas (2.364m) tontorra egin eta beherakoan Izoztutako Koba (Gruta Helada Lecherín) deitzen diotenetik igaroz berriz ere Canfranc-era itzulera izan da.

Ibilgailuak Canfranc herrian (1.050m) utzi eta Santiago Bidearen seinaleei jarraiki Canfranc-eko tren geltoki ezaguna dagoen lekura (1.195m) iristen da. Hemen, errepidea gurutzatu eta bidea basoan sartzen da “Paseo de los Ayerbe” deritzonetik.  Hasiera batean aldapa gogorrik ez badago ere, etengabeko sigi-sagan, artifizialki eraikitako horma batzuk bidea sendotzen dutela, altura irabazten da. Zatirik handiena basoko itzalean izan arren sargoriak izerdia atera arazi digu. Estiviellas-ko amildegitik gertu basoa utzi eta luiziak geldiarazteko hesi baten albotik igaro gara. Hemen aldapa tentetu egiten da eta atzera begiratuta Midi d’Ossau dotorea begiztatu dugu.

Ezkerraldetik igaro ditugu aurrean agertu zaizkigun haitzezko hormak behean Canfranc herria bistan dugula, eta berehala iritsi gara Tortiellasko gandorreria hasten den lepora (2.155m). Hemen ere luiziak ekiditeko egitura eta kableak ikusi ditugu. Gandorreria bitxia da benetan, haitz marroizko plakez josita dago mendiaren alde oso bat eta animalia fosil ugari ikusi ahal izan ditugu. Plaka hauetan zehar joan gara tontorreraino. Lehorrean ez du inolako arriskurik baina bustian edo izotzarekin txirrista izugarria izan daiteke zati hau. Tontorra zapaldu (2.364m) eta ikuspegiaz gozatu ondoren Koba Izoztu-rantza egin dugu bidean behera. Sarrera handia duen kobazulo polita da. Sarreran elur plaka txiki bat soilik ikusi dugu baina diotenez elurra egiten duenean izotzezko formazio ikusgarriak sortzen dira kobazuloan. Frontalak jantzi eta begiradatxo bat bota diogu kobazulo barruari. Harrigarria da distantzia motzean kanpoaldetik barrura dagoen tenperatura aldaketa, hotz egiten du barruan.

Kobazulotik irten eta beherako bidean jarraitu dugu, Gabarditoko aterpearen albotik igaro eta Agüaré-ko arroila seinalatzen duen bidegurutzera iritsi gara. Canfranc-era pistaz jaitsi ordez arroiletik jaistea erabaki dugu. Iltze edo grapa gutxi batzuk pasa behar direnez bide zail bezala seinalatuta dago baina egia esan ez dauka zailtasun berezirik bidezidorrak. Hori bai, guk garai honetan erreka erraz gurutzatu dugun arren, emari handiagoarekin datorrenean konplexuagoa izan daiteke. Errekaren alboan doan bidezidorretik berehala iritsi gara Canfranc herrira.

Igande goiza berriz, Canfranc-eko Lapurren lepoa edo Coll de Ladrones deritzon gotorlekuaren azpialdean gelditzen diren hormetan kirol-eskalada eginez igaro dugu. IV+ graduko pare bat bide baditu ere, gehiengoak V+etik gorakoak dira eskola honetan.  

                                Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu