2015 abendua 5-8. Pic d´Ardiden 2988 m.
15789
post-template-default,single,single-post,postid-15789,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2015 abendua 5-8. Pic d´Ardiden 2988 m.

2015 abendua 5-8. Pic d´Ardiden 2988 m.

Pic Ardiden (2.988m) .

Abenduaren 5etik 8rako asteburu luzean Frantziako Pirinioetan izan ginen Arrastakako kideak. Larunbat arratsaldean abiatu ginen gaua igaroko genuen Russel aterpetxe librerantz motxilak ongi kargatuta. Gure asmoa autoak Frutière-ko aparkalekuan (1371m) uztea bazen ere, pare bat kilometro beherago utzi behar izan genituen aparkalekuraino igotzea debekatuta zegoelako. 

 

Frutière-tik Lac d’Estom aldera doan erreka ondoko bidezidorrean egin genuen aurrera Lutour-ko bailararen ikuspegiarekin gozatuz. 1537m-ko alturan, bidegurutze batekin egin genuen topo. Hemen ezkerreko bidean gora egin behar da aterpetxera joateko. Hemendik aurrera, pixkana elur gehiago zapaltzen hasi ginen, baita erabat izoztuta zeuden zatiak ere. Bidea basoan gora doa 1980m-an dagoen Russel aterpetxe librera (1980m) iritsi arte. Eguzkia sartzen ari zen iritsi ginenerako eta tenperatura behera zihoala ere nabaria zen. Aterpetxea librea izan arren oso ongi dago zainduta, iturri bat ere badu eta gure pozerako sutarako egurra ere bazegoen. 3€-ko laguntza eskatzen dute hori horrela mantentzen jarraitu ahal izateko. Bakarrik suertatu ginen aterpetxean eta gustura hartu genituen sutondoa eta afari beroa. Guk eramandako zakuez gain, aterpetxean bertan zeuden mantak ere erabili ahal izan genituen lotarako.

 

 

Igandeko goizak eguraldi ezin hobearekin esnatu gintuen. Zerua urdin eta haizerik ez. Ongi gosaldu, behar ez genuen materiala aterpetxean utzi eta gorako bideari ekin genion. Hemendik gorako bidea jada elurretan egin behar izan genuen. Orokorrean baldintza onetan eta nahiko gogor aurkitu bagenuen ere, noizbehinka elurzuloetan beheraino sartzen zitzaigun hanka, ibilia neketsuago eginez. Aldapa pixkana tentetuz doa eta nabarmen gogortzen da Pourtaou des Agudes-ko lepora (2570m) iristeko. Bistak zoragarriak dira, tontor aldera doan gailurreria harritsuaz gain, beste aldeko bailara ere ikus genezakeen. Lepo honetatik aurrera gailurreriaren beste aldera pasata jarraitu genuen, elur eta harri blokeen arteko lurzoru mistoan. Aldapa ere asko gogortzen da hemendik aurrera tontorrera arte eta bidea itxura batera zirudiena baino luzeagoa egin zitzaigun.  Zorionez elur baldintza onekin egin genuen topo. Azken aldapan harri blokeen artean eskuak pixka bat baliatuz iritsi ginen Pic Ardiden tontorrera (2988m). 360ºra paisaia ikusgarria geneukan, Pirinio guztiak begi bistan. Pixka batean ikuspegiaz gozatu ondoren beherako bideari ekin genion. Russel aterpetxean utzitako materiala jaso eta autoetaraino jaitsi ginen jarraian.

 

       

 

                          Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu.