2015 Urtarrilak 17-18. Jardunaldi teknikoak. Alpinismoan lehen urratsak.
15743
post-template-default,single,single-post,postid-15743,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,no_animation_on_touch,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2015 Urtarrilak 17-18. Jardunaldi teknikoak. Alpinismoan lehen urratsak.

2015 Urtarrilak 17-18. Jardunaldi teknikoak. Alpinismoan lehen urratsak.

   

Jardunaldi teknikoak. Alpinismoan lehen urratsak.

Urtarrilaren 17 eta 18an egin zen Arrastaka Mendi Taldearen 2015eko lehen ekintza. Aurretik, asteazkenean eta ostegunean, lokalean bertan alderdi teorikoa landu zen: elurra dagoenean ibili beharreko materiala, kranpoiak eta pioleta erabiltzeko oinarrizko ezagutzak, soka erabiliz elkarrekin nola lotu, korapilo desberdinak, etab.

Mendiko ekintza larunbatean hasi zen, hilaren 17an. Ostiral gauean elur berria egin zuen, 20 zentimetro inguru, harroa eta biguna, eta horrek egin beharreko ekintza batzuk aurrera eramatea asko zailtzen zuen. Belagua mendatea itxita zegoenez, Txamantxoia aldera abiatu ginen, toki egokiren bat aurkitu nahian. Baina ez genuen nahi bezain toki egokirik aurkitu: edonora joanda ere, elurra bigunegia zegoen. Landu genituenak: oinarrizko materiala eta pioleta eta kranpoiak nola erabili; pioleta heltzeko era desberdinak; kranpoiak eta pioleta erabiliz nola igo eta jaitsi, eta bira nola eman. Baita Arva aparatuen erabilera praktikoa ere: nola funtzionatzen duten, ezkutatu eta aurkitzea, elurraren azpian dagoen pertsona ateratzeko nola jokatu behar den. Arratsaldea aurrera zihoan, hotz zegoen, eta baldintza horietan asko gehiagorik egiterik ez zegoenez, behera jaistea erabaki genuen.

 

Igandean eguraldia argiagoa zen, eta Belagua aldera jo genuen, baina elurraren egoera bezperakoa bezalakoa zen. Praktikak egin ahal izateko, malda batean behin eta berriro guztiok irristatuz, elurra zapaldu eta gogortzea lortu genuen. Horrela, maldetan erorikoak direnean edo irrist egiten dugunean pioleta erabiliz geure burua  postura desberdinetan (ahozpez, ahoz gora, buruz bera ahoz gora) nola gelditu ikasi eta praktikatu genuen, eta baita pioletik eta kranpoirik gabe nola gelditzen den ere. Horrez gain, elurretan aseguratzeko dauden aukera desberdinak ikusi genituen, pioleta erabiliz, plastiko poltsekin, etab.

Jardunaldi tekniko hauen helburua garbia da: parte hartzen dutenei (bai Arrastakarekin federatuak, bai mundu polit honetan abiatu nahi duen edozein pertsona), mendiko ekintzak autonomiaz eta segurtasunez egin ahal izateko ezagutza teorikoak eta praktikoak eskaintzea; Arrastakaren filosofiarekin ere guztiz bat dator, gainera: mendian segurtasunez ibili ahal izateko formazioa eskaintzea.

 

 

                                  Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu