2014ko Urtarrilak 18 eta 19. Jardunaldi teknikoak, alpinismoan lehen urratsak
15625
post-template-default,single,single-post,postid-15625,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2014ko Urtarrilak 18 eta 19. Jardunaldi teknikoak, alpinismoan lehen urratsak

2014ko Urtarrilak 18 eta 19. Jardunaldi teknikoak, alpinismoan lehen urratsak

Jardunaldi teknikoak, alpinismoan lehen urratsak

    Urtarrilaren 18 eta 19an egin zen Arrastaka Mendi Taldearen 2014ko lehen ekintza. Aurretik, asteazkenean eta ostegunean, lokalean bertan alderdi teorikoa landu zen: elurra dagoenean ibili beharreko materiala, kranpoiak eta pioleta erabiltzeko oinarrizko ezagutzak, soka erabiliz elkarrekin nola lotu, korapilo desberdinak, etab.

    Mendiko ekintza larunbatean hasi zen, hilaren 18an. Baina eguraldiak ez zuen laguntzen: bezperatik euria ari zuen, eta egun osorako iragarpena ere halakoa zen. Gainera, elur aldetik ere ez genuen egoerarik onena espero: aurreko asteetan tarteka egina zen, baina hego haizeko egunak ere izanak ziren. Egoera ikusirik, arvaren funtzionamendua ikasten hasi ginen aterpetxean bertan. Baina eguerdi aldera eguraldia apur bat arindu, eta Arlas aldera joan ginen: elurra ari zuen, baina eguna aprobetxa zitekeen. 

    Landu genituenak: oinarrizko materiala eta pioleta eta kranpoiak nola erabili; pioleta heltzeko era desberdinak; kranpoiak eta pioleta erabiliz nola igo eta jaitsi, eta bira nola eman. Horrez gain, maldetan erorikoak direnean edo irrist egiten dugunean pioleta erabiliz geure burua  postura desberdinetan (ahozpez, ahoz gora, buruz bera ahoz gora) nola gelditu ikasi eta praktikatu genuen, eta baita pioletik eta kranpoirik gabe nola gelditzen den ere. Egunaren amaieran, arvarekin eta palekin bilaketa praktika bat ere egin genuen. Eguna uste baino osatuagoa atera zitzaigun. Lotarako Izaba ingurura jaitsi ginen, Asolazeko kanpineko aterpetxera: dutxatu, gaztaina batzuk jan, eta kontu kontari gustura oheratu arte.

    Igandean, urtarrilaren 19an, berriro ere goizean euri pixka bat eta elur arina izan genuen. Baina, eguraldiak eguraldi, gu zerbait egiteko asmoz ginen, eta Txamantxoia mendira abiatzea erabaki genuen. Gosaldu, prestatu, eta aterpetxetik irten bezain laster, lainoak altxa, eta zeru urdina eta eguzkia azaldu ziren: neguko mendi-egun polit baten atarian egon gintezkeen. Txamantxoiarako bidea hasieran basoan zehar abiatzen da. Pixkanaka igoz elurretara iritsi, eta behin bizkarrera igota, ikuspegi zoragarria azaltzen da: Anie, Hiru Errege Mahaia, Alanoak, Ezkaurre, Nafarroako Pirinioetako mendiak… Inguruneaz, eguzkiaz eta elurraz gozatuz, Txamantxoia gainera iritsi ginen. Eta itzuleran, haizeak gure igoerako arrastoak ezabatuak zituen; eta une batean, lainoa sartzen hasi zen; mesede ederra egin zigun gps-ak! Kanpinera iritsitakoan gustura geunden denok: eguna ederra izan zen, eta aste bukaera ere espero baino hobea.

 

    Jardunaldi tekniko hauen helburua garbia da: parte hartzen dutenei (bai Arrastakarekin federatuak, bai mundu polit honetan abiatu nahi duen edozein pertsona), mendiko ekintzak autonomiaz eta segurtasunez egin ahal izateko ezagutza teorikoak eta praktikoak eskaintzea; Arrastakaren filosofiarekin ere guztiz bat dator, gainera: mendian segurtasunez ibili ahal izateko formazioa eskaintzea.

 

 

                                Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu