2014 otsaila 15 – 16. Moncayo mendira igoera.
15629
post-template-default,single,single-post,postid-15629,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2014 otsaila 15 – 16. Moncayo mendira igoera.

2014 otsaila 15 – 16. Moncayo mendira igoera.

Moncayo (2.314 m.) mendira igoera

Segurtasun ikastaroaren ondoren, neguko irteera modura, Moncayorako igoera aukeratu zen aurtengorako. Larunbatean Ebro bailara nahiko oskarbi zegoen, baina Moncayo mendia lainopean ikusten zen: nolako eguraldia izango ote genuen? Moncayoko Santutegira iritsi ginenean, gauzak nahiko argi ikusi genituen: neguko eguraldia, haizea eta elurra; ondo jantzi beharko genuen, goian egin zezakeen hotzari aurre egin ahal izateko.

 

Abiatu, eta oraindik ez geneukan argi zer bide hartu beharko genuen: haizearen indarrak eta elurraren egoerak erabakiko zuten. San Miguel zirkora iritsi, eta nahiko erraz erabaki genuen: Cucharon aldetik askoz babestuago joango ginen, eta elurra oso egoki zegoen Gendarmeen korridoretik igo ahal izateko. Korridore hau zirkoaren mendebaldean dago, eta 45º-50º inguruko maldako tarteak ditu. Kranpoiak eta pioleta jantzi, eta gustura igo ginen korridoreko granitozko dorreen artetik. Aurrera egin ahala, aldapa pixkanaka etzanez joaten da, eta azken zatia pala baten antzekoa da. Laino artean, nekerik gabe ez, iritsi ginen azkenean gailurrera. Eta han, haize indartsua eta hotza: argazkiak atera, eta askorik jan gabe, itzulerako bideari ekin.

Hasieran jaitsiera Cucharon bidetik egiteko asmoa genuen, baina lainoak ez zuen ezer ikusten uzten, eta aurreko egunetan igo ziren mendizaleen urratsak ere desagerturik zeuden: hobe izango genuen ez arriskatu, GPSa atera, eta ohiko bidetik jaitsi, San Juan gainaren ondoren ezkerretara hartzen duenetik. Eta horrela, pixkanaka, hasieran laino eta haize gehiagorekin, jaisten ginen eran babesago eta bidea argiago ikusiz, iritsi ginen berriro ere lehengo bidera. Handik aurrerakoa, umore onean, helburua ondo bete duenaren pozarekin, konturatzerako iritsi ginen Santutegira: neguko igoera polita egin genuen eta Gendarmeen korridoretik igotzeko zailtasunak ematen duen harrotasunarekin. Santutegian salda beroa hartu, eta guztiok gustura!

          Argazkiak guztiak hemen aurkituko dituzu