2014 Urriak 11-12. Grand Billarera (2.315 m) eta Hiru Erregeen Mahaira (2.444 m) igotzea
15705
post-template-default,single,single-post,postid-15705,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2014 Urriak 11-12. Grand Billarera (2.315 m) eta Hiru Erregeen Mahaira (2.444 m) igotzea

2014 Urriak 11-12. Grand Billarera (2.315 m) eta Hiru Erregeen Mahaira (2.444 m) igotzea

Grand Billarera (2.315 m) eta Hiru Erregeen Mahaira (2.444 m) igotzea.

Aste bukaera honetarako, larunbaterako eta iganderako, bi ekintza zeuden aurre ikusita: Grand Billarera (2.315 m) eta Hiru Erregeen Mahaira (2.444 m) igotzea. Baina eguraldi ezegonkorra zegoen iragarria, euri arriskuarekin, bereziki iganderako.

Horren aurrean, pentsatu genuen aukera bat izan zitekeela bi mendiak kateatu eta egun berean igotzea, larunbatean: dena ondo bazihoan, indarrek huts egiten ez bazuten, eta eguraldiak errespetatzen bagintuen, egiteko modukoa ikusten genuen.

Larunbat goizean, lehen argiekin batera Sancheseko aparkalekutik abiatu ginen: goiz lasaia eta dotorea zen. Hasieran, harrizko pista batetik Anapiako aparkalekurantz abiatu ginen, baina laster desbideratu eta Lhurs aintzirarako bidea hartu genuen. Ostiralean euri dezente egin zuen, eta basoan zehar zihoan pista zeharo lokaztua zegoen: aurrera egitea neke handia zen, eta gainera desatsegina gertatzen zen. Pista horretan zati luze samarra egin ondoren, pozik hartu genuen Lhurs aldera zeraman bidezidorra. Haranerako ikuspegia ere polita zen, eta ia konturatzerako Lhurs aintzirara iritsi ginen: pixka bat edan, eta aurretik genuenari begiratzeko une egokia zen. Berriro abiatu, eta aldapa handienari ekin genion, hasieran belardian gora, eta ondoren harrikari batean gora, nekez igoz, Lhurs lepora iritsi arte. Igoeraren zatirik gogorrena egina genuen dagoeneko. Handik, lehendabizi Hiru Erregeen Taulara joan ginen, eta ondoren Hiru Erregeen Mahaira (2.444 m), kontuz ibiliz. Taldeko ia guztiok aurretik mendi horretara igoak ginen, baina larunbat horretako igoera ezezaguna zen guztiontzat. Lehenengo gailurra lortua genuen, eta jateko, edateko eta inguruko mendiei begiratzeko une ezin hobea zen.

 

Berriro ere Lhurs lepora jaitsi, eta ibilbidearen bigarren zatiari ekin behar genion: Billarera igo eta aparkalekura itzuli. Hasieran kare harrizko ingurune  batean aurrera egin genuen, harri pilatxoei jarraituz, eta aldapa handiko harrikari ezegonkor batetik jaitsi ginen. Billarera igotzeko ohiko bidea cayolarsd’Anaye ingurutik doa, baina guk haraino jaitsi gabe, garaiera ez galtzeko,  zehar-zehar joatea erabaki genuen. Zeharkaldi horretan ez zegoen bidezidorrik, eta dezente nekatu ginen: bezperako euriak belarra bustita utzi zuen, eta toki malkartsua izanik, nekez egiten zen aurrera. Ohiko bidearekin bat egin ondoren, Billareko gailurretatik gertu geunden. Azken zatia bakarrik falta zitzaigun. Gailur hauek ez dute zailtasun tekniko handirik, baina kontuz egin behar da aurrera, erorketa batek ondorio oso txarrak izan ditzakeelako. Billare gailurretatik (2.315 m) ikuspegia zoragarria zen. Baina zerua ia guztiz lainotua zegoen, eta euri arriskua ikusten genuen: gailurreko egonaldia ezin gehiegi luzatu. Jaisterakoan, gure hankek bi gauza nabaritzen zituzten: Billareko aldapa handia, eta egun osoko ibilia. Haraneko bidezidorrera iritsi ginenean aldapa goxatu zen, eta baso dotore bat zeharkatuz Sanchaseko aparkalekura itzuli ginen. Mendiko ibilaldi zirkular dotore bat osatua genuen, gogoan edukitzeko modukoa.

 

Larunbat gauean berriz ekaitza izan zen: euria, trumoiak eta tximistak. Igandean zerua estalia zegoen, eta lainoek zeramaten abiadurari begiratzea nahikoa zen goietan nolako haizea ibiliko zen konturatzeko. Mendian ekintzak egiteko eguraldirik ez zegoen.

Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu