2013 Ekainaren 29, Ezkaurrera (2047 m) igoera, ipar ekialdeko ertza eskalatuz
15609
post-template-default,single,single-post,postid-15609,single-format-standard,bridge-core-3.0.1,qodef-qi--no-touch,qi-addons-for-elementor-1.6.1,qode-page-transition-enabled,ajax_fade,page_not_loaded,,qode-child-theme-ver-1.0.0,qode-theme-ver-28.7,qode-theme-bridge,disabled_footer_bottom,qode-wpml-enabled,wpb-js-composer js-comp-ver-6.8.0,vc_responsive,elementor-default,elementor-kit-18001
 

2013 Ekainaren 29, Ezkaurrera (2047 m) igoera, ipar ekialdeko ertza eskalatuz

2013 Ekainaren 29, Ezkaurrera (2047 m) igoera, ipar ekialdeko ertza eskalatuz

015

Ezkaurrera (2047 m) igoera, ipar ekialdeko ertza eskalatuz

Gogotsu abiatu ginen ostiralean Erronkarirantz. Burgin afaltzen gelditu eta Argibielako gainera joan ginen lotara. Gau zoragarria zegoen eta zerua izarrez gainezka ageri zela eta taldekide batzuk bibaka egitea erabaki zuten.

 

Espero bezala zeru urdin eta eguzkitsuarekin esnatu ginen. Jende asko ikusi genuen mendirako asmoan. Gure helburua Ezkaurrera ipar ekialdeko ertzetik igotzea zen. Eskaladako bide klasikoa da. Behin ertzaren oinean gaudela, 500m inguruko desnibela eta 1000m inguruko ibilbidea dituena. Ertz oso dotorea da eta Zurizako haranaren, inguruko mendien eta Ansora doan Veral errekaren ikusmira zoragarriak ditu.

014

Biko eta hiruko kordadatan banatu ginen. Zailtasun txikieneko bideari (III) heldu genion zuzenean gora, ezkerraldera gehiegi jo gabe, hara gerturatuz gero zailtasuna handitu egiten baita. II-ko eta III-ko urratsak dira gehienak eta zati batzuk eskuen beharrik gabe oinez lasai joateko modukoak ere bai. Arreta eskatzen duena haitzaren egoera da. Leku askotan haitza geruzatan dagoela ikusiko dugu eta geruza guztiak ez daude finko, batzuk aske daude eta beste zati asko nahiko hauskorrak dira. Gune batzuetan arretaz ibili behar da behera harririk ez botatzeko.Argibielako gainetik (1.293m) ohiko bideari ekin genion hasieran. Pagadiko lehen soilgunean aurrez aurre agertzen den Ezkaurreren argazki paregabeak txunditu egiten ibiltaria. Hortik gutxira basoan ezkerraldera doan bidezidorrari heldu genion eta harrikariak igaroz, pixkana Ezkaurreko haitzen oinen alturan, mendia inguratuz ipar ekialderantz zuzendu ginen (40 min). Forca de Alano haitzartea eta Veral erreka bistan genituenean ertzaren abiapuntura iritsi ginela ohartu ginen.

         
025       077

Lehen zati honetan friend-ez, nut-ez eta haitzezko zubiren batez baliatuta aseguratu ginen. Goragoko zatian jada, jarrita zeuden txapez baliatu ginen.

Tximini txiki bat eta plakaren bat edo beste pasa ondoren (III) pausurik zaileneko zatira iritsi ginen. Hatzak haitzarte batean sartuz pasa beharreko IV-ko pasadizotxo bat. Behin hori gaindituta lehenbiziko gainera iritsi ginela esan daiteke. Hemen, belardi batean zeharka egin behar da aurrera haitzarte batera iritsi arte. Puntu honetan Ezkaurreko ipar hormen panoramika ikusgarria da. Haitzartea bera ere oso pasagune polita da, ezkerraldetik inguratuz bidezidor txiki batean oinez beherantz egiten da pixka bat. Ezkerraldera amildegia eta eskuinaldera malda tentea utziz, goranzko joerari ekiten dio berriz ere bideak (I-II) eta berehala iristen da bigarren gainera. Hemen, tontorrera egin ordez ihesbide bat hartzeko aukera dago. Plana patxadaz hartu genuenez, gora eginda berandu egingo zitzaigulakoan ihesbideari heltzea erabaki genuen. 50m inguru rapelatu eta harri eta belar arteko ihesbide tentean behera egin genuen harrikarira iritsi arte. Harrikarian, berriz ere mendia inguratuz , ezkerraldera jo genuen basoko Ezkaurreko ohiko bidezidorrera iritsi arte. Hemendik berehala ginen berriz ere Argibielan.

144 179 188

Igandean, ADI-IKE elkarteak antolatzen duen Camille Extreme lasterketaren XIV. edizioa jokatzekoa zen Izaban. Arrastakako taldekide batzuk parte hartzekoak ziren aitzakian, gainerakook parte-hartzaileak animatu eta lasterketa ikusteko plana egin genuen. Giro polita egon zen eta jende andana bildu zen eguraldi ona lagun.

          Argazki guztiak hemen aurkituko dituzu