06 Jun Zeharkaldia Pala de Ip – Collarada 2022-06-18 eta 19
Arrastaka Mendi Taldea Canfranc-Geltokira (Huesca) joango da ekainaren 18 eta 19an 2 eguneko zeharkaldia egitera Ip Zirkoko tontorrik altuenetara igotzeko (Pala de IP (2.779 m), Punta Escarra (2.760 m) eta Collarada (2.886 m). Aukeratutako ibilbidea Izas bailaratik igo eta Trapa aterpetxetik Villanuara jaisten da.
Larunbatean, hilak 18, Coll de Ladronesetik abiatuko gara Izasko bailaran barneratzeko. Iserias aintzirara iritsiko gara lehenbizi eta bertatik igoko gara Pala de Ip-era (2.779 m). Hemen paisaia zoragarriarekin gozatuz atseden pixka bat hartuko dugu eta bigarren helbururantz jarraituko dugu ondoren, harro tentetzen den Punta Escarrara (2.760 m). Gailur zoragarri honetara igotzeko eskuez baliatu beharko dugu tontor estura iritsi aurretik dauden bigarren graduko zailtasuneko pasarteak gainditzeko. Jarraian Ip urtegira jaitsiko gara eta bertan egingo dugu bibaka (aire zabalean gaua igarotzea).
Igandeko helburua Collarada (2.886 m) igotzea izango da. Collarada Jazetania eskualdeko gailurrik garaiena da. Pirinioetako puntu askotatik ikusten denez ikusmina sortzen duen tontor ikusgarria da. Igoera gogorra eta harristua izango da eta guneren batean eskuak erabili beharko ditugu hemen ere pasarte txikiren bat gainditzeko. Gailurrera iristean egindako esfortzuak merezi zuela ohartuko gara tontor berezi honek eskaintzen duen ikusmiragatik. Paisaiarekin gozatu ondoren Villanuara jaitsiko gara hego isurialdeko ohiko bidetik (Trapa aterpetxera).
Zailtasun teknikoa: Zeharkaldia goi mendikoa da eta eskuez baliatu beharreko igoerak ditu. Zeharkaldi luzea, gogorra eta fisikoki esfortzu handia eskatzen duena da, baina oso polita era berean.
Irteera honetan parte hartzeko interesatuta daudenek, Iturrioz kaleko (Urbieta Etxea parean) Ehunmilak-Arrastaka lokalean egingo den bilerara azaldu beharko dute, ekainaren 14an, asteartea, arratsaldeko 7,30etan, irteerako xehetasunak zehazteko eta zalantzak argitzeko. Informazio gehiagorako, gure web orria, www.arrastaka.net, bisita dezakezue edota 646 855 620 tfnora deitu egun eta ordu berdinean.
Irteera honetan parte hartzen dutenak Arrastakaren irteeren araudia onartzen dute.