26 Feb 2014 Martxoak 8-9 Etxalar eta Lantzen zeharkaldi zirkularrak
2014 martxoak 8-9 Etxalar eta Lantzen zeharkaldi zirkularrak
Etxalar eta Lantzen zeharkaldi zirkularrak
Arrastaka Mendi Taldeak irteera bat antolatu du martxoaren 8 eta 9rako. Bi zeharkaldi egingo ditugu, zirkularrak: lehena Etxalar (Bortziriak) inguruan, eta bigarrena Lantzetik abiatuta, Saioa mendira (1.418 m) ere igoz.
Larunbatean, martxoaren 8an, Etxalartik abiatu eta inguru horretako paisaiaz gozatzeko aukera izango dugu: belardiak eta basoak, baserriak, herrixka politak, usategiak… mugalarien istorioak gogoraraziko dizkiguten lurretan barrena ibiliko gara. Inguru hauetan mendiak gozoak dira, eta mugaren alde bateko eta besteko biztanleak elkartzeko balio izan du mendiak, bereizteko baino gehiago. Gailurrik garaienak Ibantelli (698 m), Atxuria (758 m) eta Zentinela (662 m) izango dira. Eguna amaitzen dugunerako 22 km osatuko ditugu, eta guztira 1.400 m igoko ditugu.
Igandean, martxoaren 9an, beste zeharkaldi bat egingo dugu, Lantz herritik abiatuz, eta Okolin (1.355), Saioa (1.418) eta Zuriain (1.410) mendiak igoz. Gailurrik ezagunena Saioa da: iparraldera Baztan bailara dago, eta hegoaldera Anue eta Ulzama bailarak. 22 kilometroko ibilbidea da, eta 1.200 m igoko dira guztira. Berriro ere ibilbide gozoa, basoa eta belardiak tartekatuz, eta harri aroko hilerriak ikusteko aukerarekin. Lantz herria oso ezaguna da bere inauteriengatik.
Irteera honetan parte hartzeko interesatuta daudenek, Iturrioz kaleko (Urbieta Etxea parean) Ehunmilak-Arrastaka lokalean egingo den bilerara azaldu beharko dute, martxoaren 4an, asteartea, arratsaldeko 7:30ean, irteerako xehetasunak zehazteko eta zalantzak argitzeko. Informazio gehiagorako, gure web orrian bisita dezakezue edota 646855620 telefonora deitu egun eta ordu berdinean.
Oharra: irteera honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.