03 May Eskaladako hastapeneko jardunaldi teknikoak Arrastakarekin
Arrastaka Mendi Taldeak antolatzen dituen jardueren egitarau zabalaren barne, hainbat jarduera ezberdin antolatu ditu maiatzean, guztiak ere eskaladari lotuak.
Eskalada pasiozko kirola da, eta bere nolakotasunagatik eta nolabaiteko arrisku puntu bat duelako, segurtasunez burutu beharreko teknika eta maniobrak zein material jakin batzuen erabilera ezagutzea eskatzen du behar bezala gozatu eta modu seguruan praktikatu ahal izateko.
Hilaren 7 eta 9rako “korapiloak eta sokaren erabilerak” izenpean zenbait jarduera prestatu ditugu. Honen helburua eskaladan ohikoenak diren korapiloak eta sokaren erabilerak errepasatzea da. Korapiloen arazo nagusia maiztasun batekin praktikatu ezean ahaztu egiten direla da.
14an eta 16an bi saio teoriko/praktiko burutuko ditugu. Material ezberdinen erabilera ikusiko dugu (sokak, aseguratzeko tresnak, arnesak, mosketoiak etab). Zeinu bidezko teknika eta progresioko teknikak ere ikasiko ditugu.
Eta saio praktikoan (maiatzaren 18 eta 19an) Eginoko eskalada eskola politean praktikak burutuko ditugu. Kidea nola aseguratu, segurtasuneko protokoloak, bilerak nola muntatu edota nola rapelatu bezalako ekintzak burutuko ditugu, betiere, haitzeko eskaladan behar diren segurtasunezko oinarrizko tekniketan zentratuz.
ardunaldi hauek normalean Arrastaka Mendi Taldearekin irteerak egiten dituen jendeari zuzenduta daude gehienbat, egiten diren irteeretarako beharrezko ezagutzak landu daitezen, baina eskalada bezalako mundu polit batean hasteko interesa duen beste edonorentzat ere irekita daude
Irteera honetan parte hartzeko interesa duena, etor dadila maiatzaren 6an, astelehena, Iturriotz kaleko Ehunmilak-Arrastakaren lokalera (Urbieta Etxearen parean) arratsaldeko 7,30ean, xehetasunak zehaztu eta dudak argitzeko.
Oharra: Irteera honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.
Une honetan webgunea berritzeko lanetan burubelarri murgilduta gaude. Laster webgune berria martxan dela jakinaraziko dizuegula espero dugu.