
22 May Arroila-jaitsiera Artazul eta La Leze – 2025
Arrastaka Mendi Taldeak irteera bat antolatu du ekainaren 14 eta 15rako Arabako eta Nafarroako arroila bana jaistera. Biak ala biak, Euskal Herrian ditugun altxorretako bi direla esan genezake bakoitza bere berezitasunekin.
Larunbatean, ekainaren 14an, Artazul edo Arteta bezala ere ezagutzen den arroilaren jaitsiera egingo dugu. Nafarroako Ollo bailaran kokatzen den arroila hau Europako politenetakoa dela diote. Jende ugari gerturatu ohi da Artetaren iturburuko ur-jauzia ikustera. Guk ordea, barrutik ikusiko dugu txoko ikusgarri hau eta arroilaren hasieran eta amaieran airean burutu beharreko bi rappel zoragarri jaisteko aukera izango dugu
Igandean berriz, ekainaren 15ean, Eginon (Araba) kokatzen den Leze arroila jaitsiko dugu. Arroila honi xarma gehien ematen dion ezaugarria, jaitsiera kobazulo barnean izatea da. Horrek, arroila jaitsierak berez izan ohi duen erakargarritasunari beste ukitu bat gehitzen dio, ibilbidea kanpoko argi naturalik gabeko ilunpean gauzatzen baita. Ur hotzarekin eta pasabide estuekin egingo dugu topo eta ur-jauziz ur-jauzi rappelak eginez izango da 107m-ko desnibela duen jaitsiera. Arroila honek ez dauka ihesbiderik eta bertan ibiltzeko beharrezkoa da teknikoki eta fisikoki gutxieneko prestakuntza bat izatea.
Irteera honetan parte hartzeko interesa duena, etor dadila ekainaren 10an, asteartea, Iturriotz kaleko Ehunmilak-Arrastakaren lokalera (Urbieta Etxearen parean) arratsaldeko 7:00etan, xehetasunak zehaztu eta dudak argitzeko.
OHARRA: Ekintza hau zailtasun-maila ertain/altukoa deritzogu, buruari zein egoera fisikoari dagokionez. Arroila-jaitsiera jarduera zoragarria da, baina arriskutsua ere bai; beraz, irteera honetan parte hartu nahi duten guztiek derrigorrez mendiko federatu txartela izan beharko dute. Plaza kopuru mugatua.
Arrastaka klubeko 2025ko jardueren egutegia dagoeneko eskuragarri dago gure webgunean.
Irteera honetan parte hartzen dutenak Arrastakaren irteeren araudia onartzen dute.