29 Jan 2019 otsailaren 9 eta 10 Bisaurin (2.670m) eta Olibon (2.482m) mendietara igoerak
Arrastaka Mendi Taldeak Mendebaldeko Pirinioetan bi igoera antolatu ditu otsailaren 9 eta 10erako, Lizarako (Huesca) aterpetxea hartuko dugu abiapuntu. Gertu samar geratzen zaigun ingurunea da baina eskaintzen dituen igoera interesgarriengatik besteak beste, bisitariei hutsik egiten ez dien parajea da.
Igoko ditugun mendiak Bisaurin (2.670m) eta Olibon (2.482 m) dira.
Bisaurin Mendebaldeko Pirinioetako gailurrik garaiena da. Igotzeko proposatzen dugun ibilbidea ez da ohiko igoera klasikoa. Asmoa iparraldetik (Mistresa lautadatik) igo eta hegoaldeko aurpegitik jaitsiz (Foratongo lepora) ibilbide zirkularra burutzekoa da. Gailurretik ikuspegi zoragarriaz gozatzeko aukera izango dugu.
Olibon berriz, Bernera mendizerrako tontor nagusiena da. Igoera hau ohiko ibilbidetatik apartekoa delako eta “bigarren mailako” mendien edertasunaz gozatzeko asmoz aukeratu dugu.
Kontuan izan neguko igoerei buruz ari garela, alegia, kranpoien, pioletaren eta gisako materialen erabilerarekin ohituta egotea ezinbestekoa dela.
Irteera honetan parte hartzeko interesa dutenek Ehunmilak-Arrasatakaren lokalean, Iturriotz kalean (Urbieta Etxearen parean) otsailaren 5ean, asteartea, arratsaldeko 7.30ean egingo den bilerara etorri beharko dute irteerako xehetasunei buruz hitz egin eta zalantzak argitzeko. Informazio gehiagorako gure web orria, www.arrastaka.net , bisita dezakezue edota telefono zenbaki honetara (646 855 620) deitu egun eta ordu berean.
Oharra: Irteera honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.
Irteera honetan parte hartzen dutenak Arrastakaren irteeren araudia onartzen dute.