09 Mar 2012 martxoak 17,18 Orhi eta Iratiko txaleten zeharkaldia
Martxoak 17,18 Orhi eta Iratiko txaleten zeharkaldia
Martxoak 17-18
Orhi mendira igoera (2.017 m) eta
Iratiko txaleten inguruko zeharkaldia.
Martxoaren 17 eta 18rako Iratiko oihanaren iparraldera egingo du irteera Arrastaka Mendi Taldeak. Inguru zoragarrietan ibiliko gara: historian hain garrantzitsuak diren Hilarritako kromletxak (Okabe) edo Orhi gailur dotorea zapaldu ahal izango ditugu.
Larunbatean Iratiko txaleten inguruko zeharkaldia egingo dugu, Bagargiak mendatetik abiatuta. Hasieran Escaliers ibilbideko gainak pasako ditugu: Escaliers (1.472m), Arthanolatze (1.530m), Xardexkagaina (1.406m), Mendibel (1.411m). Gain hauetatik Behe Nafarroa eta Lapurdi alderako ikuspegi ederra izango dugu. Ondoren Saroberry (1.338m) eta Okabe (1.456m) aldera joko dugu, eta azken honen aurretik, Hilarritako harrespila biribiletatik pasako gara eta Iratiko basoa izango dugu hegoaldera. Jarraian, GRari jarraituz berriro Bagargiak mendatera itzuliko gara, basoko ibilbidean.
Igandean berriz Orhi (2.017) mendira joango gara. Orhi Pirinioetan bi mila metrora iristen den lehen mendia da, inguruko guztiak baino dezentez altuagoa, eta Iratiko ‘zaindaria’ izanik alde guztietara ikuspegi ederra du. Berriro ere Iratiko txaletetatik (Bagargiak mendatea) abiatuko gara, jarraian Zapigainatik (1.765m) pasa, eta Alupiñako ertz zorrotza gainditu ondoren Orhi gailurrera iristeko. Itzulera bide beretik egingo dugu.
Irteera honetan parte hartzeko interesatuta daudenek, Iturrioz kaleko (Urbieta Etxea parean) Ehunmilak-Arrastaka lokalean egingo den bilerara azaldu beharko dute, martxoaren 13an, asteartea, arratsaldeko 7,30etan, irteerako xehetasunak zehazteko eta zalantzak argitzeko. Informazio gehiagorako, gure web orria, www.arrastaka.net, bisita dezakezue edota 646 855 620 tfnora deitu egun eta ordu berdinean.
Oharra: Irteera honetan parte hartu ahal izateko derrigorrezkoa da mendiko federatu txartela izatea.